XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irten baino lehen, Arkadi Masserrek besarkatu egin ninduen.

- Izugarri maite dut -esan zidan.

- Ez da hilko -esan nuen.

Eta orduan iruditu zitzaidan bakarrik nagusiak hiltzen zirela.

Karlaren gurasoen holografiak hiltzen ari zen mundu batetaz hitz egin zigun, gurea ez beste batetaz.

Hiria huts-hutsik zegoen.

Ez genuen inor gehiago ikusi.

Hala ere kristalen atzetik, barnebideen iluntasunean, begiraden irudipen ahula geneukan.

Kamioiaren gurpilen triki-traka baino ez zen aditzen.

Nora jo jakin gabe ere hiria atzean utzi genuen.

Eta behin urruti geundela, zer egin behar genuen erabakitzeko gelditu ginen.

Inork ezin zuen, ordea, ezer erabaki eta hotzak sentitzen ginen, amesgaizto batean bezala.

Elkarri isilean begiratzen genion eta kristaletan euria labaintzen zen.

Harago, astiro kulunkatuz, zuhaitz konkortuak zeuden.

Beste kamioi bat agertu zenean denborak existitzeari utzi eta une hartantxe gelditu balitz bezala geratu ginen, Julia hilzorian, Arkadi begiak zabalik inora begiratu gabe eta kristalari itsatsita, nire lagunak gero eta ulertezin eta irrealagoa zen mapa hura ulertu nahian, bertan, geografia klaseetan ikusitako hiri distiratsua, eguzkipean eta biziz betea aurkitu nahi balute bezala.

Kamioia, zehazgabe, zuhaitz grisen parean gorpuzten joan zen.

Poliki zihoan.

Gelditu egin zen.

Jurgik fusila kargatu zuenean airea falta zitzaidala sentitu nuen, eta ezin nuela gertatzen ari zitzaiguna jasan.